Mintza gaitezen poliki,
besteen lekuan jarriz;
uler dezaten keinuez,
begiez eta belarriz.
Hau ez da lasterketa bat,
ezin da kale egin berriz,
etxean bezala eginez
peto-peto, swahiliz.
Ariketa argia da:
Egin lasai eta irriz,
eta komunikatzeko
bide ugari ezarriz,
ahalegina guztion
bizkar gainera ekarriz,
zama partekatuz eta
AUZOLANAZ hizki larriz.
Belarri-txapa daraman
jendeari beti euskaraz,
eta lehenbiziko hitza,
adeitasunez emanaz,
bestea dudan badabil
mantendu hitza esanaz:
"poliki egingo dugu,
argiro eta patxadaz".
Mintzakide berri ugari
lortuko dugu bultzadaz,
haiek ulertuko dute
erantzun arren erdaraz; helburu garbia dugu
jositako sareagaz
herria euskaragune
bihurtzea gure lanaz.
Hortaz, ahobizi fina,
eman ezazu izena,
bidelagun izateko
prestaketa egin aurrena,
eta esandako guztia
burutzeko izan sena,
hemen ez da titulurik,
parte hartzea da dena;
erabilera igotzea
da jokoan dagoena,
zenbat garen ikusteko
hau da biderik onena,
poztasun handia eta
sorpresa asko dakarrena,
mundu txiki baina handia
delako euskaldunena.
(Doinua: habanera)