Neuronak lasaitzeko aukera izango genuen gehienok, eta, nagiak ateratzea kostatuko bazaigu ere, orain adi egotea eta antolaketa egoki egitea dagokigu, ikastaroetan matrikula egiteko garaia izaten da eta. Bizitzako atal gehienetan aurrera egitea eta hobetzea izaten dugu gehienok helburu; ahalegintxoa egiteko prest egon behar, baina, horretarako. Bizitza honetan hobetzeko bideei heltzeko eta pertsona gisa urrunera iristeko erabakia hartzea da egin dezakegun onena; eta bide horretan, arloren batean, behintzat, aurrera egin beharko genuke urtero, hilero, astero, egunero...
Hizkuntzak aurrerabide hori egiten lagungarri direla argi dugu guztiok aspaldian; are gehiago, bizitza profesionalerako eta egunerokotasunean erosoago bizitzeko baliagarriak direnean. Hori da euskararen kasua; bizitza pertsonalean urrunago iristeko aukera ematen digu: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta erosoago egingo dugu; zenbat eta gehiagotan egin, orduan eta gehiago gozatuko dugu; zenbat eta gehiago gozatu, orduan eta gehiago egingo dugu. Gurpil zoroa da: ikasi, erabili, gozatu, hobetu, erabili, gozatu... Euskaraz bizitzea gozamena dela probatzeko eskaintza egin nahi dizuet, beraz.
Euskararekin gozatzeko aukera ezin hobea izan dezazuen, laguntzaile eta bidelagun bikaina izan nahi du AEK-k, eta, horregatik, euskara hurbil izan dezazuen, eskaintza zabala egin du aurten ere. Gertuko irakaskuntza, hurbileko harremana, giro ezin hobea, erabilera praktikoa, eguneroko horri erantzuteko bidea elkarrekin eraikitzea... Hori guztia eskaintzen dizugu AEKideok; izan ere, euskara hurbil baduzu, urrun iritsiko zara, eta hori da gure helburua. Bidaia gurekin egiteko prest?