Lanerako euskara lagungarri izango zela askok sinistu genuen. Nahiago dut ez zenbatu zenbat urte joan diren, etsiak jo ez nazan; eta esango nuke ordutik euskararen normalizazioan egin diren aurrerapenak, asko eta asko izan arren, ez direla askotan baliagarriegiak.
Biztanle guztiok harrera euskaraz jaso ahal izatea eta administrazioak hori bermatu behar duela jasotzen du Euskararen Legeak, baina zer gertatzen da gero? Barakaldon gertatu berri direnek ederki erakusten digute badirela mila modu ez betetzeko. Legeak lege, eskubideak eskubide, epailetzaren erabakiak, maiz, kalterako dira.
Zer gertatzen da, ba, administrazioak bermatu behar badu zerbitzua euskaraz ez betetzeko? Zergatik epaileek sindikatu baten eskariz euskara bermatzeko bidea geldiarazi? Zein da arrazoia? Pribatizazioa.
Bai, horixe, administrazioak azpikontratak hartzen ditu eman behar dituen zerbitzuetarako –merkeago zaiolako, langile publiko bihurtzen ez direlako...–. Dena dirua aurreztearen izenean egiten da, baina kaltegarria da, adibidez, langile horien eskubide eta soldatetan, eta bestelako alboko arazo ugari dakar; adibidez, euskararen erabilera ez bermatzea. Administrazioek betebeharra badute ere, enpresa pribatuek ez; eta epaileek hori baliatuta erabakitzen dute azpikontratek hizkuntz eskakizunak eskatu behar ez izatea euren langileei.
Legez administrazioak bermatu behar duen zerbitzua haren azpikontrataz bete behar duenak ere berdin egitea ezinbestekoa da; bestela, euskaraz artatuak izateko eskubidea ez da bermatzen ari. Badihardugu urteak eta urteak hori legean sar dadin eskatzen, ezinbestekoa delako, logikoa delako... baina ez dut milagro handirik espero.