Poztekoa da milaka eta milaka euskaltzale, adin eta izaera askotakoak, elkarrekin ikustea; giro onean, baina aldarrikapen argiekin: euskaraz bizi ahal izatea ez dago normalizatuta; hizkuntz politika eraginkorra jarri behar dugu martxan berehala; guztiok eta bakoitzak dugu ardura aldaketa e(ra)giteko.
Poztekoa da azken ekitaldietan parte hartzeko eta aldarrikapenerako dagoen herri gogoa ikustea, sentitzea... 22. Korrikan, Herri Urratsen eta larunbateko manifestazioan euskararen aldeko ekina ikusi dugu, argi eta indartsu. Euskara kalera ekartzeko beharra eta premia ikusi dugu, azken urteotako etenaldiari eta beheranzko joerari aurre egiteko, baita erasoei ere.
Poztekoa da, halaber, manifestaziorako deialdia gazteek egin izana, euskalgintzakoen eta gizarte eragileen atxikimenduarekin. Odol berriak indar handiagoa dauka; eta gazteak konpromiso honetan ikusteak animatu gaitu, dudarik gabe, horrelakoetan aspaldi etengabe gabiltzanok. Lan-modu berriak eta lidergo berriak behar ditugu, dudarik gabe.
Poztekoa da, bukatzeko, ekimenerako gogoa izatea; eta hori da gaur aldarrikatu nahi dudana: konpromisoa behar da ekintzetan parte hartzeko, hizkuntza egunero erabiltzeko, euskara ikasteko eta hobetzeko eta, jakina, antolaketarako.
Azken atal honetan indarra jartzeko beharra ikusten dut, odol berria erakarri nahi nuke antolakuntzara; hau da, ideiak ematera, moldeak aldatzera, barrutik lidergoak hartzera. Horretarako aukera ezin hobea izango da 3. Euskaraldian, eta orain da heltzeko unea, antolaketarako ateak zabal-zabalik daude. Aterako al dugu euskara aurrera?