Dirudienez, euskara hain da zaila, administrazioko langile bati ezin zaio ikastea exijitu, ez da inporta euskaraz artatuak izateko daukagun eskubidea. Espainola –edo frantsesa Iparraldean–, ostera, oso erraza ei da, txupao! Pentsa zelako erraza den, euskaldun garen guztiok ikasi dugu!
Geneetan daukagun zerbait berezia-edo izango da! Bestela, nola liteke besteentzat euskara ikastea hain zaila izatea? Hor amarruren bat egongo da? Harrituta nago, euskaldun askok idazten ikasi dute, eta C2 ere atera dute, ikaragarria! Gure gurasoak, irakasleak... munduko listoenak izango dira irakasteko gaitasun hori izateko!
Eta euskaldunok ikasi ditugu cojones gaztelaniaz dituen adiera guztiak ere; batez ere, hasta los... Baita euskaraz buru hitzarekin esan daitekeen guztia ere; buruz jokatzea, adibidez.
Munduko argienak gara; hortaz, hitzekin erakutsi dezagun, zer demonio!