Larunbatean Kontseiluak Kursaalen azaldutakoa ekarri dut hona; elkarlanean nola jardun behar den erakusgarri. Bat, hizkuntza-politiketan eragiteko asmoa adostu zuten. Bi, normalizazioan jauzia emateko momentua da, elkarrekin eta Euskal Herri osoan. Hiru, egoerak eskatzen du orain heltzea zezenari adarretatik; aukera dagoelako eta atzera egiteko arriskua legokeelako bestela. Lau, bermatu behar dira eskubide kolektiboak eta indibidualak. Eta bost, hau erantzukizun kolektiboa da.
Helburua euskararen erabilera erosorako baldintzak lortzea da; euskaraz bizitzeko aukera izatea hori nahi duenak.
Ibilbidea ere markatu dute: gutxieneko ezagutza herritar guztiei bermatzea eta horretarako plan eraginkorrak hezkuntzan, euskalduntze alfabetatzean eta transmisioan. Bidea osatzeko, euskara eroso erabiltzeko tokiak eraikitzea. Batuz aldatu leloari jarraituta lortu daiteke; batuko al gara denok?