Ahopean aipatu nion bagenuela zerbait egiteko asmoa, baina oraindik ezin genuela ezer zabaldu. Abisatzeko erantzun zidan, berehalakoan, laguntzeko prest.
Animoak eman eta gure jarduna, AEKren lana, goraipatzen ziharduenean, Korrikan parte hartu ezin izanaren sentimendu sakona igarri nion; eta, egia esan, pena eta indarra, biak batera sentitu nituen. Aurrera egiteko bultzada eta euskararen aldeko agerraldi mundiala egin ezin izanaren hutsunea; ekimenaren parte biok, sentimendu bateratua... Lagunen eta euskaltzaleen bultzada ezinbestekoa dugu beti, eta gehiago horrelako egoeren aurrean.
Gaur, Debagoieneko euskaltzale eta korrikazale guztiei emango dizuet lagunari ahopean azaldu nionaren berri: badator ekimen bat AEKrekin bat egiteko, zuloa betetzen laguntzeko zein helduen euskalduntze alfabetatzea auspotzeko... Bultza! Ez gara milaka lagun bilduko, besarkatuko, dantzan jarriko... Ez, hori hurrengo urtean egingo dugu, berrelkartzeko leku alaia izango den 22. Korrikan.
Martxoaren 28an izango da bilkura, eguerdiko hamabietan elkartuko gara Herriko Plazan, eta ordu erdiko ekitalditxoa egingo dugu elkarrekin, egoerak ematen dituen aukerak eta arauak kontuan hartuta. Eta gure mezua irakurriko dugu, betiko lez, euskararen normalizazioa aldarrikatzeko beharrak hor dirauelako. Eta hori guztia elkarrekin egin nahi dugu: bertsoren bat, abesti bat elkarrekin kantatu, argazkia atera, marrazkilariak lanean, auzolanean... Ordu erdi goxo-goxoa, elkarri bultzada emateko!