'Hamaika' lagun eta zu!

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2018ko eka. 1a, 07:14

Badator Euskaraldia, eta horri begira pilak jartzeko garaia dugu.

Aspaldiko mezuarekin gatoz oraingoan ere, Korrikan askotan azaldu den mezu eta eskari guztiekin bat datorrena, hain zuzen ere, gure hizkuntza erabiltzeko beharra.

Mila aldiz esan dugu, baina, erabiltzeko aukera benetakoa izateko, hiru hanka indartsu behar direla: ezagutza, espazioakjarrera eta sustapena-baliabideak.

Euskaraldian hainbat aukera zabalduko dugu, erronkari benetan heltzen badiogu.

Ahobizi eta Belarriprest-ak agerian izango gara; hau da, beti euskaraz egiteko konpromisoa nork daukan ikusiko dugu, eta euskara jasotzeko prestutasuna eta gogoa dutenak zeintzuk diren ere bai.

Hortaz, aipatutako hiru hanka horietatik argi landuko dira, alde batetik, euskaraz norekin egin dezakegun –espazioak–, eta, bestetik, erabiltzeko jarrera dutenak begien bistan izango ditugu, elkar identifikatu ahal izango dugu eta bisualizazio handia lor dezakegu.

Argi dago orain arte baino gehiagotan erabil dezakegula euskara, ikusgarritasun horrekin ohitura aldaketak bultzatu ahal direla, jarrera positiboak ikusiko ditugula eta bultzada izango dela.

Badakigu, horrekin batera, baina, euskara ulertzen ez dutenak ere erakarri behar ditugula, ikasteko prozesuan sartu behar direla, euskara ezagutzen ez dutenek ez dutelako aukerarik izango; are gehiago, besteei aukera kentzen dietela, aukerak murrizten dituztela.

Horiei begirako kanpaina erraldoia eta doan ikasteko baliabideak ere orain behar dira.

Hamaika lagun hasiko gara Euskaraldian euskara gehiagotan erabiltzen, aukerak biderkatzen eta giro positiboa zabaltzen.

Denon beharra dago, batzuek eman dute dagoeneko bere hitza eta laster izango dugu horren berri.

Asko gara prozesu horretan sartuko garenak; hain zuzen ere, hamaika lagun eta zu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak