Berriro martxa hartzeko garaia da hau, motorra ralentian jarri eta apurka-apurka abiadura hartzekoa. Oporren bueltan pilak kargatuta etorri garela ere esaten dugu, eta horrela da nork bere gustuko lanean badihardu, behintzat. Sasoi honetan, urte hasieretan bezala, asmo berriren bat izatea egokia da opor osteko beherakadari aurre egiteko, depresio moduko horri.
Ikasturte berria gogor datorkigu, gainera; alde batetik, estatuko gobernua eratu ez eratu dabil lerro hauek idazten nabilenean, eta bestetik, Jaurlaritzarako hauteskundeak izango ditugu hilabete honetan bertan. Agian, beste gairik ez dugu izango irailean, baina beste zerbaiten garaia ere bada hilabete hau, matrikula berriak egitekoa. Lehen aipatu ditudan asmo berriei ekiteko izena emateko aukera orain izango dugu, zenbat aukera!
Euskara ikastea edo hobetzea beteko zaituen aukera izango da, ez izan dudarik. Euskaltegietan giro apartan hartuko zaitugu eta lagun giroa izango duzu; irakasleak, ikaskideak eta lagunak, denak batera norabide berean. Afektibitatea da, zalantzarik gabe, gehien laguntzen duena ikasten eta hobetzen; modu praktikoan elkarrekin ikasteak eta euskaraz bizitzen jartzeak bizipoza emango dizute.
Uda honetan AEKren barnetegi ibiltarikoekin egin nuen etapa eder bat, Elantxobetik Lekeitiora, paraje bikaina, eguraldi ederra... Baina ederrena konpainia izan zen, ezagutzen ez nituen horiekin elkartu eta taldean zegoen giro aparta, elkarri laguntzeko, zirikatzeko eta ikasteko konplizitatea. Egoera afektibo horrek dakarren efektibotasuna da, nire ustez, azpimarratzekoa; nola bestela bertara joan diren asko hiruzpalau urtez apuntatu bertara, nola urtez urte euskaltegira etorri?
Gurean euskara ikasteak beteko zaitu, %100 afektiboa!