Manifestazioa Golem zinemetatik aterako da, 17:30ean, Bide eman euskarari, euskaraz bizi nahi dugu lelopean.
Izan ere, iazko hauteskundeen ondorioz Nafarroan eman zen gobernu aldaketa berri pozgarri eta itxaropentsua izan zen euskaltzaleentzat.
Halere, gobernu hori garatzen ari den hizkuntza politika oso urruti dago herrialdeko euskaltzaleek eskubidez eskatzen eta espero dutenetik.
Adibide batzuk jartzearren, Euskararen Legea aldatzea bidean geratu da, oraingoz; irakaskuntzako aurrematrikulazio kanpainan Gobernuak ez zuen D eredua bultzatu; lan deialdietan euskararen balorazioa arautzen duen Dekretuak UPNren garaiko bera izaten jarraitzen du; errepideetako karteletan gaztelaniaren nagusitasuna ezarria dauka bere kartel ereduen eskuliburuan; euskarazko hedabideentzako diru laguntzak jaitsi egin ditu...
Gauzak horrela, Nafarroako Euskalgintza beldur da lau urteak igaro daitezkeela inolako aurrerapausorik eman gabe eta, horrenbestez, ezinbestekotzat jotzen du euskarari bide emango dioten neurri ausartak publikoki aldarrikatzea, gobernua presionatze aldera.
Manifestazioaren sustatzaileek adierazten dutenez, "justiziazkoa delako, oreka soziala bermatzeko beharrezkoa delako eta euskaraz bizi nahi dugun herritarrok behar eta merezi ditugulako", hemen, Nafarroan eta Euskal Herri osoan.
----------
Oskar Elizburu
(Arrasateko Euskalgintzaren izenean)
Arrasate