Kokoteraino gaudelako!

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2015ko ots. 21a, 00:00

Ez zait gustatzen haserre tonuan idaztea; baina, oraingoan, ez daukat beste erremediorik, kokoteraino nago!

Egunerokoak euskaraz normal egin gura ditugu askok eta askok, besterik ez, beste inori ezer eskatu barik; euskaraz bizi nahi dugu eta horretarako eskubidea daukagu. 

Eguneroko horietan sartzen dira bakoitzak egiten dituenak, alde batetik, eta kolektiboki erabakitzen ditugunak, bestetik; esate baterako, udal baten erabakitzen dena. 

EAEn, legez ofiziala den hizkuntza da euskara;  Nafarroan, tokiaren arabera desberdin; Iparraldean ezer ere ez. 

Euskal Herri osoan euskara ofiziala izatea dugu helburu, baina ofiziala izanda ere arazoak jartzen dizkigute.  Uemako udalek erabaki dutenean administrazioen arteko aktak euskaraz bidaltzea, horren aurkako helegiteak etorri dira Espainiako Estatutik. Urquijoren ustez, euskaraz dauden dokumentuek ez daukate balio ofizialik espainola ez badute ondoan.  

Euskara ofiziala da, eta  lehentasuna eman behar diogu orain arte debekatu zaizkion esparruak eta funtzioak irabazteko. Euskararen normalizaziorako legezko eta ekinbideko aurrerapausoak ematea oso garrantzitsua da, benetako onarpenaren seinale. Eta, balio handia dutelako, erabaki horiekin jarraitzeko asmoa dute udal horiek, eta guk txalotu eta babestu egin behar ditugu, eta beste toki administrazioei ere pausoak bide berean emateko eskatu.

Euskarak aurrera egitea lortzen dugun bakoitzean trabak jartzen ari direlako, otsailaren 28an gure haserrea erakusteko dei egin du Euskal Erakundeen Kontseiluak.  Donostian izango da manifestazioa, arratsaldeko 5,30etan, gure hizkuntza politikak kanpotik inork erabaki ez ditzan.  

Autobusa izango da arratsaldeko 4retan Arrasatetik, eta izena eman dezakezue Loramendin, AEDn, Jardunen edo Jaizalen.

Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara!

----------

Oskar Elizburu

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak