"Eman euskara elkarri"

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2013ko mar. 10a, 01:00

Badator Korrika, zelako emozioa!

Bai, bertan dugu, datorren astean hasiko da eta bi aste barru guretik pasatuko da. Ea eguraldiak apur bat laguntzen digun! 

Eta emozioa zergatik, bada? Ez dakit Korrikak zer daukan, baina hunkitu egiten naiz parte hartzen dudan bakoitzean. Nik uste dut partaidetzagatik dela, taldekide sentitzen garelako. Surflaria olatuarekin bat egin eta ur sentitzen den bezala, gu eta euskara bat bihurtzen garelako izango da, gu garelako euskara bera. Euskara ez da hizkuntza bat bakarrik, ez da hizkuntza bat gehiago; euskara gure izaeraren parte da, gu egiten gaitu eta guk egiten dugu. 

Eta euskararekin bat egin hori besteokin konpartitzeko beharra dago. Hizkuntza, zein berak dakarkigun guztia, besteei eman behar diegu; azaldu egin behar diegu. Euskara elkarri ematea, beraz, konpartitzea da, ondokoari babesa ematea, ikastea, euskaraz egin nahi duenari bide ematea, erabiltzea, sustatzea, baliabidez laguntzea...

Aurreko Korrikan euskalakariak behar genituela esan genuen; euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen dutenak. Ikasleak omendu ditu Korrika 18k, hain zuzen ere, ikasteko eta erabiltzeko pausoa eman dutelako; euskalakari direlako, pausoa eman dutelako. Bestalde, txalo bero bat bidali nahi nizueke, hemendik, Korrika antolatzen lanean diharduzuen denoi; euskararen sustapen ekintza handi honetan euskara maite duzuela erakusten ari zaretenoi, horretan ere euskalakari zaretela erakusten duzuenoi.

Parte hartze horiek guztiak dira Eman euskara elkarri-ren ispilu: egunero kontuan hartzea euskara gu garela, gure euskara hobetu behar dugula, erabili eta konpartitu behar dugula, transmititu behar dugula... 

Euskaraz bizitzeko erabakia bihotzetik hartzen da, sentimenduetatik; hori horrela bada, ondokoari emateko beharra sentituko dugu, eta, maitasunez, emango diogu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak