"Lotsagabeak eta ganorabakoak?"

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2012ko abe. 20a, 16:00

Dena libre dute; lo gaude eta ezertaz ere ez gara konturatzen.

Lapiko barruan dagoen igelaren ipuinean bezala, ura epeltzen jarri ziguten, aspaldi, eta apurka gehiegi berotzen ari dela konturatu ere ez. Gradutxo bat gehiago jasango dugu, ezta? Noiz demontre egingo dugu, baina, salto? Noiz tontoalditik irten, kiskaldu ez gaitezen?

Arazoz bete digute, poliki-poliki, burua; komunikabideetan krisiarena besterik ez dugu entzuten; ekonomia txarto dagoela. Eta, orain, bestelakoak arazo txikiak iruditzen zaizkigu, jakina!
Hizkuntzen inguruko gatazka, gainera, beti jarri digute bigarren mailan. Batzuetan erdi konponduta dagoen itxura eman eta lasai egoteko esaten digute: "Eskubideak hor dituzue; bide onetik goaz; eskolan gehienak D ereduan ikasten ari dira...".  Beste batzuetan, gehiegi ere dugula: "Zer nahi duzue, ba; erabilera da gakoa, zuena da errua...".

Oraingoan, baina, Wert ministroak langa guztiak apurtu ditu, gidari gabeko tren zoroaren itxuran. Bost axola bidean zer dagoen, edota semaforo gorririk dagoen. Oraingoan topera jarri du sua, eta kiskali nahi gaitu. Lehendik gabeziak izan hezkuntzako curriculuma erabakitzeko, euskalduntasuna lantzeko eta maila oneko euskaldun ikasleak lortzeko, eta orain kitto egin nahi digute: katalanak eta euskaldunak espainolizatu; espainola eta espainolez ikasteari lekua gehitu. Minorizatua dagoen hizkuntzari, berezkoari, ez diote lehentasunezko ezer utzi nahi; euskara erlijioaren pare, edo atzetik!

Orain, frenoa hezkuntzan; normalizazio linguistikoak aurrerapauso gehien eman duen arloan! Identitate asuntua? Bai ba! Jada, mozorrorik ere ez, berdin zaie; eta haien eredu monoideologikoa inplantatzera doaz, benetan gustukoa dutena!

Eta guk, sentitu al dugu ura irakiten dagoela? Haiek lotsagabeak; eta gu, ganorabakoak?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak