Are gehiago, emandako hitza ez betetzea desohore galanta zen, demasa.
Askotan ematen dugu hitza gure bizitzan; hau egingo dut, edo beste hori ez dut inoiz egingo; baina, gero, hitzekoak al gara?
Udaberrian milaka euskaldunek eman genuen hitza, publikoki; euskalakari ginela edota izango ginela handik aurrera. Korrikaren mezuari jarraituta –euskalakari izanda– euskara maitatu, ikasi eta erabiliko genuela esan genuen.
Eta iritsi da udazkena, eta ikasturte berria, eta sasoi honetan egiten ditugun promes horiei begiratzeko garaia. Promes berriekin hasi aurretik, baina, aurrez agindutakoei erreparatu beharko genieke eta, haien artean, jakina, Euskarari eman genion hitzari.
Maitatu, erabili eta ikasiko genuela esan genuen; bakoitzak behar duen neurrian hobetuko genuela, beraz, eguneroko jarduna.
Zelan hobetu behar dugu, baina? Maitatuz, egunero gogoan hartuz; zertan jardun dezakegun hausnartzeko momentutxo bat emanda. Arituz, gure ingurukoekin zer aldatu behar dugun hausnartuz; hau da, norekin erabil dezakegun gehiago edo gehiagotan, euskararendako esparruak eta ohiturak irabazteko. Ikasiz, geure ezagutza aztertuz; zertan hobetu behar dugun ondo pentsatuta; euskaraz bizitzeko ikasteko duguna, lantzeko zehaztuz.
Euskaraz bizi nahi dut leloari jarraitzeko ordua da eta euskaraz arlo guztietan aritzeko laguntza behar badugu, ikasi behar badugu, oraintxe da garaia. Bakoitzak ikusi behar luke zertan, zein mailatan eta zenbat denbora emanez.
AEKn horretarako behar duzuen laguntza hori izango duzuela ziurtatzen dizuegu; euskara ikasiko duzue eta erabiltzeko erraztasuna lortuko duzue; gure hitza ematen dizuegu, euskalakarion hitza!