"Zorionak, Goienazaleei"

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Elizburu 2011ko uzt. 12a, 02:00

Berri pozgarrien bila ibiltzen gara, gehienetan, euskalakariok.

Euskaraz egiten den edozer ikustean poztu egiten gara. Eta egiten den hori ederra, balekoa eta erabilgarria denean, ene, pozez txoratu!

Horrelako kasua da, oraingoan, komentatuko dudana: Goienak Rikardo Arregi sari nagusia jaso du! Ez da broma gero! Eta saria 10 urteko ibilbideagatik eta berrikuntza teknologikoa bultzatzeagatik eman diote. Kazetaritzan dagoen euskal saririk garrantzitsuena herri hedabide batek jaso du! Ez dago zalantzarik: lana egoki egiten ari dira Goienakoak!

Astero pare bat aldiz paperean jasotzeko aukera ematetik salto egin eta multimediari eman dioten aukera goraipatu dute saria ematerakoan. Berriak egoki emateaz gain, diseinu eta estetikan eman diren aurrerapausoak; Goiena.net eta bere barruan dauden horiek guztiak nabarmendu dituzte.

Goienakoek, baina, jaso dute saria, ondo merezitakoa; eta nik neuk ere, hemendik, AEKren sortzaile izan zen Rikardo Arregiren izena duen saria jasotzeagatik zorionak eman gura badizkiet ere, beste batzuk nabarmendu nahi ditut. Goienazaleak zoriondu nahi ditut, Goiena.net egunero erabiltzen duten 4.000 zaleak. Erabiltzaileek osatzen dute hedabide baten zikloa; erabiltzaile barik ez dago biziko den hedabiderik.

Euskararen normalizazioan hedabideak oso garrantzitsuak dira eta, gure kasuan, hizkuntza minorizatu batek teknologiak baliatzea ezinbestekoa da. Euskararendako erakusleiho galanta izan liteke Internet eta izaten ari da.

Maitatu, ikasi, ari esaten genuen, duela gutxi, 17. korrikan, eta han ibili ginen milaka lagun euskaraz bizi nahia erakusten.

Erabiltzaile bihurtzea da euskalakari izateko modurik onena, eta 4.000 erabiltzaile horiek biderkatzea da helburua, eta lortuko dugu.

Hortaz, zorionak, Goienazaleei, eta bide beretik jarraitu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak