Denon artean birziklatuz

Erabiltzailearen aurpegia Oier Aranzabal 2015ko eka. 17a, 00:00

Azken hauteskunde hauek aldaketa ekarri dute Gipuzkoan, eta analisi askoren arabera EH Bilduk atez atekoa ezarri nahi izana gogotik ordaindu du.

Nire ikuspegitik, lehen egunetik beste alderdi guztiek bronka muntatu zuten kontra, komunikabide tradizionalek eman izan duten tabarra ikustekoa izan da, eta jende asko konbentzitu dute atez atekoa inposatu nahi izan digutela eta –inposaketa… noiz galdetu didate niri AHTaren inguruan?

Azken lau urteetan herri batzuek atez atekora aldatu dute. Tolosan txip bidezko organiko eta errefusa jasotzearen sistema probatu dugu. Orain benetan esan, hain zaila al da birziklatzea? Horren sistema konplikatua da zaborrak etxean sailkatzea, eta ostean banaka jasotzea? 

Gu, behintzat, oso pozik gaude, segituan ohitu gara eta historiara pasa dira edukiontzi berde usaintsuak. Askoz txukunago daude kaleak. Eta askoz gehiago birziklatzen dugu. 

Atez atekoaren dohainak zuek ezagutuko dituzue nik baino hobeto. El escarabajo verde TVEko programak ere aspaldi laudatu zuen, eta Greenpeacek duela gutxi goraipatu du, Zabalgarbi bizkaitar erraustegiak kutsatzen duena salatuaz bat. 

Ez bata, ez bestea ez dira perfektuak, baina aurrekoa baino hobeak direla ados egongo zarete. Kasu honetan helburua garbi dago, ahal eta gehien birziklatzea modu erraz eta jasangarrian. 

Mesedez, politikariok, aprobetxa ezazue orain arte eginikoa, dena eraitsi eta berriz zerotik hasi ordez! Eta mesedez, behingoan elkarrekin lan egin, etengabe elkar mokoka ibili beharrean!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak