Plazan, nerabe kuadrillen ondotik pasatzerakoan, gaztelera besterik ez dut aditzen; eta metro batzuk beherago poteoan dabiltzan gurasoen kuadrilletan ere gauza bera. Hau Oñati bezalako herri euskaldun batean gertatzen bada, ez dut pentsatu ere egin nahi arnasgune ez diren beste lekuetan zer gertatuko den.
Eta ez da jendeak euskaraz hitz egiten ez dakielako; erabiltzen ez duelako baizik. Hor dauzkagu azken ikerketen datuak: Uemak ohartarazten du euskararen ezagutza goraka doan arren, erabilera gero eta apalagoa dela; bestalde, Soziolinguistika Klusterrak azpimarratzen du Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik soilik bat ari zela euskaraz.
Euskaraldirako motorrak berotzen ari garen honetan, hausnarketa (kritikatxo) bat luzatu nahiko nuke (nigandik hasita): 15 egunetan Ahobizi izango garenok kapaz izango al gara beste 350 egunetan txapatxoa mantentzeko?