Kazetaritzan gizonei profesionaltasuna eskatzen zaie, eta emakumeei, horrez gain, erakargarriak izatea. Emakume lodia bazara, umore saioetan ariko zara, seguruenik. Negua bada ere, emakumeak "eder egoteagatik" blusa edo tirantetan agertuko dira kamera aurrean; eta beti takoien gainean.
Hauek eta antzeko beste testigantza batzuk irakurri nituen duela egun batzuk June Fernandez kazetariak Argia-n argitaratutako erreportaje batean. Fernandezek Naiara Vink EHUko ikerlariaren doktoretza tesiko datu batzuk biltzen ditu artikuluan, eta kasu honetan, EITBko emakume kazetarien testigantzak azpimarratzen ditu.
Gauza jakina da hedabideek gure nortasunaren eraikuntzan parte hartzen dutela eta denok dakigu beti pertsona eredu berberak agertzeak –eta, are gehiago, beste eredu batzuk ez agertzea– zer ondorio dakartzan; baina artikulua irakurtzen nuen bitartean ezin izan nuen Kau Kori Kura taldearen Barbie ETBn kantua burutik kendu. Mesedez, entzun abestia eta zuek atera ondorioak.