Bostekoa

Erabiltzailearen aurpegia Oier Aizpurua 2020ko mai. 2a, 00:00

Osasun langileei: aditz goresle guztien jaun eta jabe. Mediku, erizain, garbitzaile, teknikari, botikari zein guztion ongizatea bermatu nahian lanean diharduzuen guztiei: bizitza ezinezko litzateke zuek gabe. Gizartea askotan izan bada ere zuekin bihozgabe, inoiz ez sentitu ahul edo fedegabe, denon esker ona eta indarra helarazten jarraituko baitugu zuen boterea izan dadin mugagabe. Garbi geratu da luzaroan bortxatutako ogibide oro direla artalde honen euskarri den zutabe.

Mendebaldeko gizarteari: ahalguztidun sentiarazi gaituzun horri, egunero mundua mutur gorrira eramaten duzun horri, harroputz uste bazinen ere koldar hutsa zarela erakutsi duzun horri, gorroto zaitut. Ikasi erori zaren une bakoitzetik, ikasi inurriengandik, ikasi sorgin zein aztiengandik eta izan aurreikuskor, egon adi, susmatu, aurreikusi eta hornitu. Arerioari zuzendutako prebentzio neurriak hartuz gero inoiz baino indartsuago izango baitzara, zin dagit.

Adinekoei: bizi izan zenituzten bere momentuan ehunka une gordin eta guda garai. Oraingoan ere hortxe zaudete, piztiaren aurrean biluzik eta beldurrez blai. Jakin ezazue guztiok zorretan gaudela zuekin urte askoan zehar borrokatu baitzarete gu egon gaitezen alai. Hala, bat eginez ziurtatuko dugu errege txikiak zuekin izan dezan jai, zuek baitzarete egungo zuhaitz guztion sustrai.

Etxeko txikiei: etxean ezkutatuz kemenez egin diozue etsaiari gogor. Leihopetik ikusi behar izan duzue egunotan eguzki, elur eta txingor. Kalera irten ezinak jarri bazaituzte kaskagogor, hitzematen dizuet laster zapalduko dituzuela milaka hondartza zein mendi-tontor. Zintzoak izan eta zaindu, zuek baitzarete etorkizunaren altxor.

Guztioi: oharkabean iritsi da guregana bizilagun berria. Txikia bada ere, berezko duen ankerkeriak motz utzi du txerria. Muxu eta besarkadak gudako lehergailuen parean jarri ditu beronen basakeriak. Tamalez, menderatu dituen arima onez beteko da hilerria. Hala ere, ez ahaztu, gogor eutsi diogularik uste baino lehen muturren aurrean izango dugula amestutako etorkizun desiragarria. Guztia amaitzean, irri eta anaitasunez beteko da herria, gutxienez datorren urtera arte ezin izango baitugu gelditu gerria.

----------

Oier Aizpurua

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak