Erregeei eskutitza, Ointxe! elkartearen 50. urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia Oihane Agirre 2018ko urt. 12a, 08:23

Gabonetan eman diegu hasiera Ointxe! klubaren 50. urteurreneko ekitaldiei.

Abenduaren 23an, 400 neska-mutil elkartu ziren Iturripen, Gipuzkoan urtero egiten den saskibaloiaren festan. Abenduaren 28rako, hiruko txapelketa antolatu genuen eskualdeko gaztetxoendako. Eta oporraldi hauetan saskibaloiaz gozatzen jarraitzeko azken zita urtarrilaren 3rako antolatu genuen: lagunarteko goi mailako partidua, Araski eta IDK Gipuzkoa taldeen artean. Emakumezkoen saskibaloia ikusarazi nahi genuen, Iturripera Dia Ligako bi euskal talde gonbidatuta.

Klubeko lehen ordezkariak arratsaldeko 6etan gerturatu ziren Iturripera; orduan konturatu ziren kondentsazioaz, eta berau arazo izan zitekeela partidua jokatzeko; zorua oso labainkor zegoen. Iturripeko arduradunei baimena eskatu zitzaien aldameneko atea eta larrialdietarako atea zabaltzeko, kondentsazio arazoa konpontzeko asmoz.

Jokalariak heldu ziren eta berotzen hasi ziren. Ikusleak ere iristen hasi ziren, eta harmailak betetzen. Guztia prest goi mailako saskibaloiaz gozatzeko!

Baina Iturripe jendez betetzen hasi zenean, tenperaturak gora egin zuen eta kondentsazio arazoak okerrera egin zuen. Partidua hasteaz bat, konturatu ginen jokalariak arriskuan jarriko genituela, eta, horregatik, Ointxe!-ko ordezkariok epaileekin eta entrenatzaileekin bildu ginen, partidua bertan behera uzteko; harmailak beteta ikusita eta klubarekiko begirunea erakusteko asmoz, bi taldeek ahalegin berezia egin nahi izan zuten, eta jokatzen jarraitzea erabaki zuten. Baina bigarren laurdenaren amaieran, partidua etetea erabaki zuten.

Eskerrak eman IDK Gipuzkoa, Araski eta epaileei beraien ahaleginagatik eta egoeraren aurrean erakutsitako begiruneagatik. Eskerrak Iturripera hurbildutako zaleei ere. Eta eskerrak ekitaldi hau antolatzen aritu ziren kolaboratzaile guztiei.

Klubarentzat hain garrantzitsua zen ekitaldi hartan izandako zorte txarraz berba egin dezakegu, edo aztertu gure herriak dituen kirol-instalazioen benetako egoera.

Antoñan jokatzen dugu, eta entrenatu; Iturripen ikusi dugun kondentsazio arazoa ohikoa da Antoñan. Musakolako kantxa nagusian dagoen argia ez da nahikoa izaten arratsaldeko azken ordurako. Urteak dira bertako markagailuak ez duela funtzionatzen.

Eta Iturripen, zorua egoera kezkagarrian dago, itzelezko hotza egiten du, urteetan itoginak izan ditugu eta orain, kondentsazio arazoak.

Arrasateko kirol elkarteek eskatzen dituzten kirolinstalazioak ikuspuntu estrategiko eta estrukturaletik aztertzeko unea heldu dela uste dugu. Baloratu beharko ditugu kirola eta beronen balioak sustatzen dituzten kirol-taldeen eta norbanako herritarren kirolerako egokiak izango diren kirolinstalazio egokiak Arrasaterako. Baina erantzun egokia emateko arazoa mahai gainean jarri behar da, helburuak finkatu behar dira, eta adostasuna lortu ekintza lerroetan kirol elkarteekin batera.

Ointxe! Ointxe! Ointxe! Mondra!

----------

Oihane Agirre

Ointxe! elkarteko presidentea

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak