Bateko izerditan eta besteko mukia zintzilik. Saltsa ederra izango zuten udalerriz udalerri ibili diren hautagaiek mitin, ekitaldi eta kalejiretarako outfit-ak aukeratzeko orduan. Hautagaien ohe-oinak arropa multzoz beteta imajinatzen ditut. Pentsatu izan dut talde irudi konbinatu bat emateko kontu hauetaz ere hitz egiten ote zuten Whatsapp taldean: Gaur sandaliak ala botak? Amerikana ala gabardina? Fularra bai? Eta betaurrekoak? Badakit pulmonia zantzuekin amaitu duenik ere egon dela, mitineko ordubetea alkandora hutsean pasatu beharragatik. Eta, aizu, Osakidetza ez dago txorradetarako.
Baina hauteskundeak pasata, itzuli gara gure eguneroko guda txikietara. Uda giroari deitzeko asmoz-edo, han joan naiz Internetetik fitxatuta neukan alkandora moloiaren bila zentro komertzialera. Iritsi, hartu, ordaindu eta etxera. Internetez erosi nezakeen hori dendan erosi izanaren esfortzua egin izanagatik harro.
Etxean probatu eta tailaz ondo daukadala ziurtatuta, etiketari txasta, estreinatzeko prest. Baina etxerako bueltan etorri zait laino iluna. Dendariaren aurpegia ez dut gogoratu ere egiten, apenas hitz erdirik egin dugulako: kaixo, hauxe, eskerrik asko, agur…Eta jarraian datozkit galderak: noiz utzi genion elkarri aurpegira begiratzeari? Noiztik zaizkigu deserosoak egoteko aulki bat eskaini eta irribarrez artatzen gaituzten betiko dendak? Zertan ari gara? Nora goaz? Eta ebidentziak. Betiko denda deitzen diegu betikotasuna hain efimeroa den garaiotan. Eta geroz eta modu anonimoagoan bizitzea eskubide bilakatu dugu, horrek inoiz baino bakartuago bizitzea dakargula jakinda ere, Instagramen gure etxea erakusten dugun aldi berean. Laino gaineko eguzkia bezain paradoxikoa. Nahi eta ezina.
Baina, aizue, zer da bizitza J. Vizcainoren politikarien outfit-en analisi gabe, eta kontraesanik gabe?