Baina lagunok, zer esan… gaur hostoekin irrist eginda ipurdiko ederra hartu dut; ile-erortzearen ondorioz, dutxako isurbidea ataskatuta daukat; onddorik oraindik ez dit inork oparitu; eta behebarruetako azalore usainak goragalea ematen dit. Alajaina, Zaldieroari umorezko komikitira baten binetarako baliagarria litzaiokeen egoeratik baduen arren, ni haserre nago; eta zer arraio, nire aldrebeskeria pertsonalez harago, haserre kolektiborako nahikoa arrazoi ere baditugula iruditzen zait. Motibo batzuk aipatzearren, esaterako, Olinpiar Jokoetako errekorrak entzuten genituen tonu berean entzuten ditugu argindarraren prezioaren errekorrak. Erditze-aurreko prestaketarako ikastaroak telematikoki egiten jarraitzea txikikeria da onkologikoaren desmantelamendu eta zaharren egoitzetako egoeraren aurrean. Hiru migratzaile trenak harrapatu dituela kontatzen dugu, pertsona hauek bertan zergatik zeuden ahaztuta. Eta Gasteiztik etorri da aste honetan erailketa matxistaren notizia, berriz ere izebergaren puntaren punta. Batzuk aipatzearren. Ez dugu merezi prekaritatea eta inposizioa elikatzen duten bizitzetara kondenatuta bizitzea, ez horixe.
Neguan elkartuko gara berriz zutabe honen bueltan edo Oñati Ski resort-en.
Baina ilusio berezia egingo lidake udazkenari geratzen zaizkion egunetan kaleetan elkartzeak. Goazen gure haserrea, sormenez eta elkarrekin, kaleetan gorpuztera!