Oximorona

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Zubia Blazquez 2020ko api. 3a, 08:05

Itxialdian Zabalik idaztea egokitu zait, inora joan barik gauden sasoi honetan. Tentsioz betetako barealdia sumatzen da egongeletan egunek aurrera egin ahala. Emozionalki geroz eta gorabeheratsuago gaudela partekatzen dugu erabiltzen ikasi orduko gure egunerokoan integratu ditugun Zoom, Hangouts edo Meet-eko solasaldietan. Gure lankideen sukaldetaraino sartu gara, apaleko katilurik cool-ena erakutsiaz, kafe-deskafeinatua hartzen dugun bitartean. Eta gu geu ere deskafeinatzen hasita gaude, balkoietan inprobisatutako agertokietarako kopia originalak sortu nahian.

Logeletan inoiz baino ozenago oihukatzen diren plazer intziriak entzuten dira, harpidetzak esponentzialki igo diren kanal pornoetako eszenak imitatu nahian edo. Baina badira bestelako oihuak ere, oihu isilak. Oihu isilduak. Kolpetik datozenak, minaren eroale.

Bitartean, txakurjabeekiko diskriminazio positiboaz kexu gara, bake-armada gure kaleen zaintzaz jabetu den aldi berean.

Eta Teleberri-etako gonbidatu ofizialek errealitate faltsu bat sinestarazi nahi digute errepikaren errepikaz, Donostiako su-artifizialez ariko balira bezala. Baina hiperbentilatzen eta makillaje gabe ikusi ditugu.

Lagunok, benetan surrealista geratu zaigu udaberria, margarita-malutak ikusteraino. Ikusiko dugu hurrengo denboraldiak zer dakargun, baina ez dezagun ahaztu datorrena datorrela protagonistak gu garela. Eta gu hori zuk, nik eta hark osatzen dugula. Zaindu gaitezen.

A! Jakizu errealitatetik gertu dagoen hitz-jolas bat besterik ez dela hau: zenbat oximoron daude testuan? Pista: 10etik gora dira.

Oharra: psikologiako artikulu batean irakurri dut oximoronek burmuinaren ezkerreko alderdia aktibatzen laguntzen dutela. Jolastu, otoi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak