Hondakin bilketa sistemaren kontra, San Martingo plan berriaren kontra, Eltzia proiektuaren kontra… eta agintaldi honetara etorrita, berdintsu jarraitu dute: aparkaleku sistema berriaren kontra, Atzeko kalea oinezkoentzat jartzearen kontra, kale garbiketa zerbitzua Udalak berreskuratzearen kontra, eta, nola ez, 2017ko Udal Aurrekontuetan ere beraien bozka: kontra.
Hau horrela izanik ere politikan gerria izatea ohikoa den heinean, talde politiko bakoitzak bere mezua helarazten du momentu bakoitzean, bere irizpideen baitan, momentuko egoerak eskatzen duen neurrian. Hori ulergarria da, zilegi da. Gerria izatea, alegia.
Beste kontu bat da aurpegia izatea. Aurpegia behar da norberak egin edo proposatu ez dituen horiek norberaren zakuan sartzeko.
Berriki jakin dugu sare sozialetatik, Oñatiko EAJk adierazita, 2017ko Aurrekontuan martxan jarritako sozioekonomiako Co-work gunea, frontoiko argiak, Ur Uhinak parkea… beraiei esker jarri direla martxan. Beraiek kontra bozkatutako aurrekontuari esker, alegia.
Nik dakidala, EH Bilduk bere agintaldiko Gobernu programan argi azaldu zuen sormen eta ekintzailetasunerako gunea abian jarriko zuela. Frontoiko argiak? Arazerixan prozesuan herriko haur eta nerabeek proposatu zioten Udalari, nik dakidala. Eta ur txorrotak? Bai, ur txorrotak aipatu zituen EAJk, baina non, nola, zein modutan... inolako proposamenik gabe. Udalak, Paisaia Plan baten baitan, galdutako parke bat balioan jarri eta proiektu oso bat aurkeztu zuen. EAJk begi onez ikusi ez zuena; "Zentralitatea" falta zitzaiolako edo. Arrakasta izan duela ikusi dutenean, badirudi "zentralitatea" aldatu zaiela. San Lorentzoko konpost-gunea zegoen lekutik kentzeko proposamena beraiei eskerrak etorri da, bai; jarri zen hurrengo egunean eskatu zenuten jada kentzeko.
Ulertu nahi dugu desesperazio puntu bat baduela jarrera honek. Oñatiko EH Bilduk bere agintaldiko programa izango du bere udal jardunaren oinarri nagusi, eta, betiko moduan, ekarpenetarako zabalik ditu ateak, kolore guztietako herritarrenak eta baita EAJ taldearenak ere. Gobernuan egonagatik ere oposizioko taldearen laguntza beharrezkoa dela argi dugu EH Bildun, herria denon artean egingo dugulako. Baina modu arduratsuan, mesedez.
----------
Nerea Zubia Blazquez
Oñatiko EH Bilduko kidea eta zinegotzia
Oñati