Nire iritziz abiapuntu bezala bakoitzak bere burua zaindu behar du, bakoitzaren lana baita bere burua babestea. Gure beharrak adierazi eta besteengandik tratu egokia exijitu behar dugu, bestela besteen desiren eta kapritxoen menpe egongo ginateke. Baina, nola jakin gure burua defendatzen edo beste bat zapaltzen ari garen? Nola defendatu gurea bestearentzat tirano bihurtu gabe? Nun dago balantza?
Pasa den astean Aristoteles filosofoaren esaldi hau irakurri nuen, eta gai honen harira buruan bueltaka gelditu zait: "Edonor haserretu daiteke, hori oso erraza da. Baina pertsona egokiarekin haserretzea, maila zehatzean, une egokian, xede zuzen eta egokiarekin, hori, hain zuzen ere, ez da hain erraza".