Aurtengo urtea, gainera, bereziki ezberdina suertatu zait niri. Erritmo ustekabekoa, paisaia berrietan argazkitutakoa, urtaro aldaketez josia. Negua amaitzear zenean iritsi baitzen lehen uda, eta jarraian udaberri eguzkitsua. Urtearen ekuatorean berriz, gau luzeetako negua, munduaren amaierara eraman ninduena. Udazkenean bueltatu zen udaren hezea azalera, esker onez eta gogotsu.
Eta urteari azkenak gelditzen zitzaizkionean, penduluak tiratzen duen antzera, buelta hasierara, buelta etxera. Orain, Gabon jaien atarian, betiko jakien eta mahaiaren inguruan, familia eta lagun zaharrekin inguratuta, badirudi abenduak ez duela gehiegi jakin gura aldaketez. Eta betiko aurpegiekin egin dut topo, nahiz eta barruak sarri ez diren berberak.
Jai giroko egunak tokatzen dira ondorengoak eta festetan ikusiko dugu askok elkar. Trago bat eskuan, egin dezagun topa eta ongietorria eman datorren urte berriari!