Egunkariko zure argazkiak piztu ditu garai bateko pentsatzeak; eta oroitzapenak, bata besteari jarraian, gorputzean gora hasi zaizkit igotzen (neguko kearen antzera). Erlojuak ez du atzoko ordu bera markatzen, baina begira orratzak uneka ari direla herdoiltzen! Eta jarraituko dutela trenek estazioak zeharkatzen.
Euria erortzen da, kristala bustiaz, bagoiak bustiaz, trenbideak bustiaz. Zenbat aldiz galdu izan naizen behe-lainotan … Beti dago bihotz zatitu bat erdiz trenean doana eta erdiz estazioan geratzen dena.
Eta amestutako paisaiak kantu bihurtzen zaizkit leihotik bestaldera begira; larre berdeak, etxe zuriak eta teilak … gerezien kolorekoak! Auskalo gereziondoak hazi eta loratuko diren urtaro honetan.
Ez iezadazu nondarra naizen galdetu, aitzitik, nik ere poltsiko zulatuetako harri bustiak besterik ez dizkizut erakutsiko; hau baita izan, ene ondasun guzia.