Baina badirudi azken asteotan indarrez piztu zaizkidala gogoak. Etxeko leihotik bestaldera begira, hego haizeak dantzara gonbidatu dituen adaxkek hosto horizkatuak aireratzen dituzte, hauek ere dantza lagun bihurtuz.
Eta harriduraz ohartu naiz azaroa espero baino lehenago iritsi dela, urtaroak espero baino azkarrago joaten-etortzen direla, eta denbora gehiegi pasa dela haur ginen garai haietatik, hostotan elkar lurperatzera jolasten genuenetik, nekearen nekez orbelean etzanda arnasestuka atseden hartzen genuenetik.
Jolasteko grina hori hostoak dantzara daramatzan haize berberak eraman ote zidan galdetu diot nire buruari. Edota leku berera bueltatuta grina hori bertan topatuko dudan.
Udazkenez jantzitako leku batera gerturatu nahi nuen pasa den asteburuan, azken asteotako gogoak bete-betean, aisialdiaz gozatzeko aukera aprobetxatuz haur garaiekin bat egiteko… Baina ideia hau buruan nintzela, ezustean, udak topatu ninduen bidean, bainujantzia kotxeko izkina baten nahita ahaztuta baneuka bezala. Eta horrela, Zumaiako hondartzan amaitu nuen, hondar gainean erdi lo etzanda, lainorik gabeko zeru bati begira. Udako egunei azken besarkada lapurtu guran.