Lerro korapilatsuak hitzen kateatze beldurtian, eta orduko esanak berreskuratuz, "inork ez zuen jakiterik zein puntutan ekin nion eraikuntza paradigmatiko mugagaitzaren ihesari".
Kuriosoa dagokit esan nahi dugun hori norbanakoak nola komunikatzen duen, nola komunikatu nahi dugun. Eta dibertigarri suertatu zait karratu metaforikoekin marraztu nahi izan nituen irudi errealak berriz begiztatzeak, edota armiarmek menperatutako ordularietan denboraren hots markatua entzuten saiatzeak.
Nork ez dauka norbere lengoaia edota berea besterik ez den mundu babestua? Eta horrela, memorian atzera eginez, Bartzelonako Harlem Jazz Club-era bidaiatu dut, bakardadez jantzitako gau hartara.
Eta hortik zuzenean aterki ireki batek lanpara funtzioa betetzen zuen egongela hartan azaldu naiz, bertan geneukan katu beltza kokatu ezinik bestelako detailetxoak berreskuratu guran.
Orduan horrela zirenak denborak eraman ditu, eta geratzen direnek oroitzapen deformatuegiak izateko arriskua badute ere, hitz abandonatuetan iritsi zaizkit ezkutuko mezuak, urteek kodifikatutako mapetan.