Esaldiak, arnasaldien konpasera egokitzeko ahaleginean isiltasunaz ohartu. Egunak eskaini ez didan erritmo lasairantz nator. Une honetan ez diet hitzei zaparradan iristeko aukera emango, barruak husteko ahalegina baita hau. Pentsamendu lainotuen ordez, udazken ezohiko honek eskaintzen duen zeru oskarbia oparitu nahi diot tarte batez baita nire buruari ere.
Eta ekin gura diot barruko emozioak entzutearen praktika ahaztuari, esaldiak tartean nahastu gabe. Barruko emozioen egona sentitu, inolako juiziorik gabe. Emozioak laztandu, zentzurik egotzi gabe. Eta sentitzen dudan horretan, testu honekin jarraitu. Esan ohi da, kanpoko burrundara, barruko burrundararen isla besterik ez dela. Kanpoan topatzen duguna zuzenean guk geuk eragiten dugula. Nik ere horrela uste dut. Eta gaurkoa egun korapilatsuegia izan da.
Agian testu honi amaiera azkarra eman beharko nioke isiltasunari benetako tartea emateko. Norbere barruekin bat egiteko. Zuk eta biok. Hitzen jokoa eten eta zu ere une honetara ekarri. Testu honekin bat egin dezazun, zuk ere jarraipena eman diezaiozun. Eta testuren azken hitza zuk ere arnasaldiaz zeure egin dezazun.