Hasierako urteetan, unibertsitate garaian, asteburu gehienak Arrasaten pasatzen nituen; Bilbo gertu geratzen zen, eta familia eta lagunekiko loturak sendoak ziren.
Poliki-poliki eta urteak aurrera joan ahala, aukera berriak iritsi zitzaizkidan beste hiri zein lurraldetara joateko. Beti erabilitako eskemak apurtzeko gogoa, zein kultura eta bizimodu berriekin topo egiteko ilusioa, nahikoa ziren beldurrak indargabetzeko. Ordutik eta gaur egun arte, batetik bestera ibili naiz –inoiz bestetik batera ere–, batzuetan denbora luzez, beste batzuetan laburrago; batzuetan gustura asko, beste batzuetan latzago. Baina momentuak zekarren horretan atzerrian ikusten nuen eta atzerrian behar nuen nire burua, gorputzak horrela eskatzen zidalako.
Azkenaldian, baina, bizitzaren joan etorriak direla-eta, maiztasun handiagoz nator Arrasatera, gurasoen betiko etxera. Eta Arrasatetik bertatik idazten dudan honetan, inoiz baino gehiago konturatzen naiz nire sustraiek hemen segitzen dutela, beti egon direla hemen. Nire identitate eta pentsaerak ez didatela inoiz gehiegi urruntzen utzi, inoiz urrutira jo banuen ere. Urte ugari herritik kanpo pasa izan arren, asko dira ni moduan kanpoan bizi baina inoiz joan ez direla sentitzen dutenak.