Ez zenituen nire hitzak ulertu, bion hizkuntza bera izan arren. Ez zen kanpo zarata izan berbak oztopatu zituena eta ahotsaren bolumena atsegin duzun goxotasunera egokitzen saiatu nintzen. Parez pare nituen zure begiek nire begiratua jakin-minez eusteak bazuen konnotazio itxaropentsua. Logikaren ondorioei jarraituz, zuganako komunikazioak ate irekiak beharko lituzke izan. Eta, aitzitik, nire hitzak ez ziren zuregaino iristen; hitzek ez zuten sekula iristerik izan. Orain badakit ez nuela jakin izan uler zenezakeen horretara mugatzen, ulertzerik ez zena arazoaren eta arrazoiaren zentro izan zela. Zoritxarrez, oraindik badela.
Ezinezko interpretazioen eskale, nik neuk mugatu nuen hitz bakoitzaren biziraupena: esaldietara, segundoetara… testuinguru koherente bati eusterik ez zela kontuan hartu gabe. Horregatik errepikatu nizkizun lauzpabost aldiz ustezko esaldi gakoak. Ezertarako. Errepikatu nizkizun gramatikaren legeetan oinarrituz, galdegaiari eutsiz, azpimarratze zorrotzak eginez... Zertarako? Guztia egituratzerik izango ez zenuen mezu abstraktu eta zentzubako batean amaitzeko. Zirriborro berreskuraezin bat gehiago memoriarako. Eta hala, ustekabean, ahaztu zenituen nire hitzak. Gaur, ikusterik ez duten zure belarriei ari natzaie so, keinu konplize hau jasoko dutelako ilusioz.