Izan beharko genukeenak badu inplizituki, nire ustez, onartua izateko premia; baditu oraindik behar ezkutuak, estruktura ez garatuak, lantzeke, jorratzeke.
Hau esan ostean, besteek gugandik espero duten bidea hautatzea erabakitzen badugu, ordainean espero dugu gure erabakiak begi onez jasoak izango direla.
Aurreikus liteke, kanpo trabak ez zaizkigula horren arin azalduko, eta suposa dezakegu ere gure inguruarekin harmonia mantenduko dugula, bakearen antzeko zerbait bermatuko dugula.
Garena eta izan beharko genukeenak bat egiten ez dutenetan, ordea, gure beharrak alboratzen ditugu, gure benetako izaera bakarrari uko eginez. Gure esentzia gaitzesteak, barne eta kanpo deskonexioa dakar, hutsegite sentsazioa eta iruzur egitearena.
Garenari eusteak, kanpo ekaitzari eusteko gaitasuna ere eskatzen du bestalde, eta garrantzitsua da ere onartzen jakitea, beti ez gaudela gertu zenbait zaurirekin konektatzeko.
Erabaki erraza dirudiena, antza ez da horren arrazionala suertatzen giza-konplexutasuna tarteko. Ibilbideak sinpleak balira, ez ginateke bidegurutzeetan galduko.