Trikiti doinuez gain, beste musikari batzuk ere animatu ziren, eta baita bertsolariak ere. Behin epaia burutu ondoren, mahaietan jartzeari ekin genion. Bazkaria oso ondo joan zen, bertan bildutako jendea animatuta zegoela nabari zen eta jarraian paella lehiaketako sari banaketari ekin genion. Benetan lan zaila izan zuten epaimahaikideek, guztiak primerakoak baitzeuden. Ondoren, Kopla barik-en unea iritsi zen. Oraingoan ere musika lagun izanik sorta ederra kantatu genuen guztion artean. Jarraian mosaikoa egiteari ekin genion eta gero eguna borobiltzeko Zesuma taldeak bertaratutakoen dantza abileziak musikaren erritmoan jartzea lortu zuen. Behin hau bukatuta, kalean ere hainbat tabernatan urteurreneko abestiak hainbat herritar dantzan jarri zituen.
Egun hau hain ondo irtetea ez zen posible izango zuetako bakoitzak jai hau antolatzeko eskainitako laguntza gabe. Beraz, behin eguna pasata, eskerrak ematea gelditzen zaigu: lantaldeetan parte hartutako bakoitzari, abestian parte hartutako bakoitzari, paella lehiaketan parte hartutako bakoitzari, epaimahaikide bakoitzari, udal ordekari bakoitzari, triki-kantu-jiran parte hartutako bakoitzari, bazkaltzera gerturatutako bakoitzari, sariak banatzera etorritako Baske Kulinari Zenterreko ordezkari bakoitzari, Kopla barik-eko partaide bakoitzari, musikari bakoitzari, mosaikoan parte hartutako bakoitzari, gerria dantzan jarri zuen bakoitzari...
Baina oraingo honetan esker bereziak eman beharrean aurkitzen gara, jaiegun honetan goizeko muntaian, bazkarian zehar eta guztia desmuntatzen lanean ibili den jendeari. Beste behin garbi gelditu da talde bat osatzeak eta batera lan egiteak zenbat errazten dituen gauzak!
Beraz, eskerrik asko zuetako bakoitzari!
----------
Nerea Madariaga Mujika
(Jardun Euskara Elkartearen izenean)
Bergara