Hautsez beteriko hitz jokoak, arnasa sakonki hartzerik ez dutenak. Itotzen uzten dira, hauen hileta eguna heltzen den arte, non apal horretatik hartu eta ganbarara igotzen diren, beste apaingarri batzuekin ordezkatuz. Bertan, multzokatuta, kutxa handitan pasatzen dituzte urteak eta urteak, hautsa pilatuz berriz ere, nola ez. Hala ere, kaxa handi horietan gordetzen direnak altxor txikiak direla ez gara konturatzen askotan. Noizbait, pertsona baten irudimenetik sortutako istorioak islatzen dituztenak. Hitzak dantzan jarriz, paper multzo horietan ongi antolatuta pilatzen direnak.
Askotan, liburu edo irakurketa hitzek, gogorik gabeko hasperen bat suposatzen dute pertsona gehienetan, ekintza aspergarria bilakatuz, normalean loaren bidea sustatzen duena. Aginduta, nekez burutzen den akzio bilakatuta, alde batera uzten dena. Baina, ikuspegiz aldatuta, liburu bat hau ere izan daiteke: entretenitzeko, jolasteko modu bat. Pentsatzeko modu bat. Ikasteko modu bat. Plazera sentitzeko, gozatzeko modu bat. Komunikatzeko modu bat. Barre, negar egiteko modu bat. Inoiz amestutako munduan murgiltzeko modu bat. Errealitatetik irteteko aukera bat. Irudikatzeko, imajinatzeko txoko libre bat. Besterik gabe, bizitza ikusteko, bizitzeko era bat.