Bere baitan hari finenarekin osatutako poltsa handia daraman adiskidea. Oraindik ezezagunak, asmatu gabekoak diren lekuetatik, narrasean arrastoak utziz daramana. Amaierarik, mugarik, ez duen eta suntsiezina den poltsa erraldoia. Imajinaezinak diren kontzeptuz, argazkiz, bizitza ezberdinez, ipuinez, gezur eta egiez beterikoa. Irudikatzeko erraza, ezta?
Orain imajinatu, segundo batez, bertan, zorro horren barruan, zure bizitzaren parte bat dagoela. Zure bizitzako denbora momentu konkretu batean geratu eta bertan, milisegundo hori irudien bitartez plasmatuta azaltzen dela. Bizitako uneak, barreak, haserreak, negarrak, amodioak, ilusioak, ametsak… horiek guztiak ere, etxeko egurrezko kutxatxo preziatuan egon beharrean, bertan daudela. Halako batean konturatzen zara, zu bezala, ondokoak ere bere une gogokoenak bertan partekatzen dituela, haren bizimoduari buruz ia guztia dakizula. Zure parte bilakatu dela. Horrela, poltsa horren edukiera handituz doa, armiarma sare bat bilakatuz, soziala eta aldi berean nahasia den sarea. Hasieran dibertigarri, baina arriskutsu izan daitekeena, begiak estalirik eta azpijokoz beterik, erakartzen gaituena.