Nuria Fernandez de Arroiabe: "Bejondeizula, Inaxio"

Erabiltzailearen aurpegia Nuria Fernandez de Arroiabe 2011ko mai. 20a, 20:30

Azken asteotan ia aspertu arte ibili dira alderdi politikoak komunikabideetan...

... eta herrietako txoko zein kaleetan euren mezuak eta promesak zabaltzen, hauteskunde prozesu guztietan gertatzen den moduan.

Ez da erraza gero eta indibidualistagoa den gizartean proiektu batekin bat egin eta haren aldeko konpromisoa hartu eta maila batean (nor berean) inplikatzea, are eta gutxiago gizartean gutxietsita dagoen politikaren alorra izanez gero.

Hala eta guztiz ere, zorionez bada gaur egun politikan aritu arren erabateko konfiantza eta sinesgarritasuna ematen duenik ere. Eta horixe izan da, hain zuzen ere, Aretxabaletako Aralarren aldeko botoa ematera bultzatu gaituen arrazoia, Inaxio Garro alkategaiak (Aretxabaletaren onerako oraindik alkate den herritarrak) agintean egon den bitartean erakutsi duen estiloa: herritarren parte-hartzailetza gustuko duena, besteekiko errespetuan oinarritu dena, herritar guztiengandik gertu dagoena, berdintasuna bultzatu duena, euskara bihotzean eta ezpainetan duena, sinesgarritasuna transmititzen duena.

Hauek guztiauek ez dira hitz hutsak. Hori guztiori urte hauetan parte hartu dugun herriko elkarteetan ikusi dugu (Leizarra Musika Eskolan, Kurtzebarri Eskolan, Basabe-Azpin, Akordeoi Orkestran, Abesbatzan, Iesbaa Sahararen aldeko elkartean, UDAn…), alegia, ahal izan duena egin duela Aretxabaleta hobetzeko ahaleginetan, politika eta alderdikeria kontuak alde batera utzi eta jo eta su jardun duela, herri-bokazioa duelako.

Herritar askoren izenean, eskerrik asko eta zorionak Inaxiori egin duen guztiagatik. Aretxabaletak bera bezalakoa behar duelako, maiatzaren 22an guk ez dugu zalantzarik.

----------------------------

Nuria Fernandez de Arroiabe, Unai Mendikute, Olaia Sagredo, Pili Muñagorri eta Asier Barrainkua
Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak