Auzoko Juntaren bilkura opor garaian deitu zenuen, auzoa oporretan zela jakitun.
Oraingoan, ondorioak jasan beharko dituzten auzokideei jakinarazi gabe, aparkalekua kentzea eragin duzu, juntakide baten mesedetan, azpikeria nabarmenarekin.
Juntakide hori da ingurunean etengabean izan diren hainbat liskarren sorburu. Haren jabegora behar bezalako sarbiderik ez izatea baliatzen dihardu urteetan auzoan egonezina sorrarazteko.
Ibai-Ondo eraikinaren berrikuntzaz geroztik, eraikinaren legezko kotak errespetatuz eraiki zen elbarrientzako sarbideaz kexaka hasi zuen oldarkeria. Eskrituretan zehaztu eta Udaleko teknikariek berrikusitako kota horien barne, garai batean eraikinaren eskailerak eta lorategiak ziren.
Haren errieta setatsu eta zentzugabeak ildo horretatik aterabiderik ez zuela ikusita, auzokoen pazientzia hautsi eta auzotarren harremanak ezegonkortzen saiatu da urteetan. Elkarren arteko ulermena eta auzo-borondatea sustatu barik, liskarra bilatzen duenaren erara. Auzoko bizilagunei zuzentzeko haren jarrera elitistak gogora dakarkigu XVIII. mendeko Jauntxoek herriari iruzur egin eta gainontzekoak zapaltzeko hautatutako Kazikeen gisako jarduna.
Haren jardueran zure laguntza lortu izanak harritu egin gaitu, alkate andrea, haren eskubide bereziak gainontzeko auzotarren eskubideen gainetik ezarriz diharduzulako, gure iritziz.
Gesalibarko auzoa zerbitzuz probesten izan den eraginkortasun eskasia guztiok pairatzen dugu auzoan, sarbide estuak bitarteko, eta ez dugu ez zilegi ez bideragarri ikusten, gu guztion etorkizuneko elkarbizitza arriskuan jarri nahi ez bada, pertsona bakarrari mesede egitea gainontzeko auzokideen eskubideen kaltetan.
Hau sinatzen dugun auzokideok aipatutako zure azken neurria ahalik eta azkarren bertan behera utz dezazun eskatzen dizugu, eta dei egiten dugu Gesalibar auzoko beharren azterketa objektibo eta zentzuzkoagoa egitera, alternatibak bilatzeko.
----------
Nerea Zabarte, Asier Zabarte, Loreto Nafarrate, Iosu Urizar, Fernando Zabarte, Marian Iñurritegi, Javier Garcia, Maialen Garcia eta Juan Jose Zabarte
Ibai-ondo eraikineko auzokideen erkidegoaren izenean
Arrasate