Gutxiespenez

Erabiltzailearen aurpegia Naroa Elortza 2014ko urr. 6a, 11:01

Asteburuko planei buruz idaztea nuen buruan, enpresen parte-hartzeaz hitz egiten duten bitartean lan baldintzak okertzen dituzten enpresariei buruz idaztea baztertu ondoren, beste gai polemikoekin egin bezala.

Baina joan den astean Jose Luis Bilbao jaunak hitz egin zuen. Hitz egin zuen ezagutzen dituen ustelkeria kasuak gordeko dituela esanez, paradisu fiskaletan ondasunak dituztenen izenak emango ez dituela ziurtatuz. Sarean irakurri nuen beste leku batean zigorra ekarriko zutela bere adierazpenek. Baina hau ez da Europa, hau ustelkeria nagusi den Hego Euskal Herria da, Espainian kokatutako Hego Euskal Herria.

Paraje hauetan klase politiko-ekonomikoak argi du herria gutxietsi beharrekoa dela. Gutxietsi beharrekoak dira parte-hartze prozesu pluralen bidez eraikitako proiektuak eta bertan parte hartu duten eragile eta norbanakoak (uler beza ulertu beharrekoak). Gutxietsi beharrekoak dira langileak, beraien enpresetan lan eginez klase ekonomikoa aberasten duten langileak. 

Are gehiago, gutxietsi beharrekoak dira lanean hildako langileak, eta lortu dute hein batean gizarteak laneko istripu eta heriotzak gauza ohiko eta normal direla asumitzea. Langileei egindako mehatxuak eta eragindako presioak ez du oro har hedabideetan islarik, langileen eskubideen aldarrikapenak sistematikoki baztertu beharrekoak dira.

Orain dela hilabete batzuk zutabe honetan ilusioari buruz hitz egin nuen, eraldaketa soziala gure esku dagoela esaten nuen. Eta gauza bera esango nuke. Baina "nahikoa da" esateko, eta exijitzeko, garaia bada. Tapia anderea eta enparauok, baita herrikide xumeei sorbalda gainetik begiratzen diozuenok ere, nahikoa da. Herritarrok eraiki dugu herria, eta horretan segituko dugu, botere ekonomikoaren aurrean lankidetzan eraldaketa sozialaren alde lan eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak