Iftar partekatua Bergaran

Erabiltzailearen aurpegia Ndank Ndank elkartea 2026ko martxoaren 14a

None
None
None
None
None
None
None

Ilunabarra gerturatzen ari zen Bergarako Azokan martxoaren 11n. Jendea pixkanaka biltzen hasi zen, elkarrizketak, irribarreak eta jakin-mina nahastuta. Mahaiak janariz betetzen ari ziren bitartean, giro berezi bat sortzen hasi zen: komunitate desberdinetako pertsonak espazio berean elkartuta, Ramadanari buruz gehiago jakiteko eta momentu bat partekatzeko prest.

Bergarako komunitate musulmanak, Elikaenea, Herri Hezitzaile eta Ndank Ndank elkarteekin elkarlanean, Iftar partekatua antolatu zuen Bizipoza ekimenaren baitan. Helburua ez zen soilik baraua apurtzeko momentua elkarrekin bizitzea; Ramadanaren esanahia partekatzea eta herriko komunitateen artean zubiak eraikitzea ere bazen.

 

Ilunabarra gerturatzen ari zen Bergarako Azkunean martxoaren 11n. Jendea pixkanaka biltzen hasi zen, elkarrizketak, irribarreak eta jakin-mina nahastuta. Mahaiak janariz betetzen ari ziren bitartean, giro berezi bat sortzen hasi zen: komunitate desberdinetako pertsonak espazio berean elkartuta, Ramadanari buruz gehiago jakiteko eta momentu bat partekatzeko prest.

Bergarako komunitate musulmanak, Elikaenea, Herri Hezitzaile eta Ndank Ndank elkarteekin elkarlanean, Iftar partekatua antolatu zuen Bizipoza ekimenaren baitan. Helburua ez zen soilik baraua apurtzeko momentua elkarrekin bizitzea; Ramadanaren esanahia partekatzea eta herriko komunitateen artean zubiak eraikitzea ere bazen.

Ramadanaren esanahia

Ekitaldiaren hasieran, Mariam Rabhi Benaissa eta Ikram Alibouche IFrah gazteek Ramadanari buruzko azalpenak eskaini zituzten. Haien hitzetan, Ramadana islameko pilar nagusietako bat da: urtean behin ospatzen den hilabete sakratua, non musulmanek egunsentitik ilunabarrera arte baraua egiten duten.

Hala ere, azaldu zutenez, Ramadanak esanahi sakonagoa du. Ez da soilik jan edo edan gabe egotea; barneko purifikazio garaia da: Jainkoarekin harremana sendotzeko, fedea indartzeko eta janari faltan bizi diren pertsonen egoerarekiko enpatia garatzeko. Aldi berean, autokontrola, elkartasuna eta komunitatearen balioa lantzeko garaia ere bada.

Hilabete berezia da komunitatearentzat. Familia eta lagunak gehiago elkartzen dira, elkarrekin egoteko eta harremanak sendotzeko. Ramadanaren amaieran ospatzen den Eid jaia ere ilusioz itxaroten dute.

Baraua eta eguneroko praktikak

Gazteek azaldu zuten Ramadanaren egutegia ilargiaren zikloetan oinarritzen dela, eta horregatik aldatzen direla urtero datak. Baraua egunsentian hasten da eta ilunabarrean amaitzen da, eta denbora horretan ez da jan edo edaten.

Hala ere, badira salbuespenak: haurrak, adinekoak, gaixoak, haurdun dauden emakumeak edo bularra ematen ari direnak, besteak beste, ez daude behartuta baraua egitera.

Azalpenek entzuleen interesa piztu zuten. Halako momentuek aukera ematen dute askotan zabaltzen diren ideia sinplifikatzaileak gainditzeko. Askotan Ramadanari buruzko irudia barauari lotzen zaio bakarrik; baina, azaldu zutenez, purifikazio espiritualarekin, komunitatearekin eta balioekin lotutako garaia da.

Iftarraren unea

Ilunabarra iritsi zenean, momentu garrantzitsua heldu zen. 19:12an, eguna amaitzearekin batera, baraua apurtzeko unea iritsi zen. Tradizioari jarraituz, lehen mokadua datilekin eta urarekin egin zen. Ondoren, mahaietan zeuden plater askotarikoak partekatu zituzten: komunitateko kideek etxetik ekarritako jaki goxoak.

Parte-hartzaileak mahai inguruan mugitzen, hitz egiten eta janaria partekatzen aritu ziren. Giro informala eta hurbila sortu zen: jendeak elkar ezagutzen zuen, plater berriak probatzen zituen eta solasaldiak sortzen ziren leku batetik bestera.

Bizikidetza sendotzeko espazioa

Arratsaldeak aurrera egin ahala, askok gauza bera azpimarratu zuten: ekimen honek elkar ezagutzeko aukera eman zuela. Kulturarteko topaguneek balio handia dute aurreiritziak apurtzeko eta herri batean bizikidetza sendotzeko. Parte-hartzaile askok nabarmendu zuten halako espazio gehiago sortzea beharrezkoa dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak