Hona hemen gure begirada aldatzeko lau gako:
1. "Kultura" edo "erlijioa" ez da dena azaltzeko komodina
Zerbait ulertzen ez dugunean, errazegia da kultura edo erlijioa aitzakia gisa erabiltzea: “haien kulturan horrela da”. Askotan etiketa potoloak esleitzen dizkiegu pentsatu gabe: ezjakinak direla, haien etxeetan matxismoa besterik ez dagoela edo seme-alabei debeku bereziak ezartzen dizkietela.
Euskaldun baten matxismoa edo gabeziak norbanakoaren ezaugarri gisa ulertzen ditugun bitartean, jatorri atzerritarra dutenen kasuan, ordea, "kulturalak" bihurtzen ditugu.
Baina kultura ez da kaxa itxi bat. Arazo bati etiketa hori jartzen diogunean, egoera ulertzeko eta aldatzeko eskolak duen erantzukizuna lausotzen dugu.
2. Errealitate gordinak azalpen errazen aurrean
"Familia horiei eskola ez zaie axola" esaten dugunean, askotan ez dugu ikusi nahi zer dagoen atzean: paperik gabeko egoerak, etxebizitza lortzeko zailtasunak, lan-ordutegi amaigabeak edo hizkuntza menderatu ezina.
Guraso askok ezin diete seme-alabei etxeko lanekin lagundu, ez ezjakinak direlako edo garrantzirik ematen ez diotelako, bizitzak berak denbora eta indarrak kentzen dizkielako baizik.
Sarritan esaten da jatorri atzerritarreko familiek ez dutela eskolan parte hartzen. Baina baieztapen hori egin aurretik, beharrezkoa da eskolak berak erabiltzen dituen komunikazio-bideak aztertzea. Informazioa askotan hizkuntza bakarrean edo plataforma jakin batzuen bidez helarazten da, eta horrek familia guztientzat irisgarri edo ulergarri ez izatea ekar dezake. Horregatik, familiek parte hartzen ez dutela ondorioztatu aurretik, galdetu beharko genuke ea eskolaren komunikazio moduak benetan inklusiboak eta irisgarriak diren familia guztientzat.
3. Guk ere badugu zer ikasi (eta asko da)
Gure familia-eredu indibidualista "normaltasun" bakartzat hartzeko joera dugu. Baina gure ikasleen etxeetatik ere ikasi dezakegu, baldin eta gure harrokeria pedagogikoa alde batera uzten badugu:
- Tribuaren indarra: bakardadeari aurre egiteko zaintza-sareak eta auzo-elkartasuna. Guk kontziliazioa deitzen diogun hori, askotan, elkarri lagunduz eta sarea ehunduz egiten dute.
- Eutsi eta aurrera egin: bizitza bat hutsetik eraikitzeko erresilientzia harrigarria. Hori bai dela bizitzarako konpetentzia.
- Gu-a ni-aren aurretik: taldearen ongizatea norbanakoaren interesen gainetik jartzeko ohitura naturala.
Ikasleak benetan ezagutzeko, haien etxeetako balio horiei lekua egin behar diegu eskolan.
4. Isiltasuna ez da neutrala
Irakasle-gelan kide batek familia bat kriminalizatzen duenean eta guk beste aldera begiratzen dugunean, diskurtso hori indartzen ari gara.
Eskolak aukera handia du: aurreiritziak errepikatu edo horiek zalantzan jartzen hasi.
Ikasle baten motxilan etxeko lanak falta direnean, epaitu beharrean, horren atzean zer dagoen aztertzea dagokigu. Eta hortik abiatuta, laguntza eta estrategiak martxan jartzea.
Azken galdera, beraz, sinplea da:
Gure ikasleen errealitatea ulertzen saiatzen ari gara ala gure erosotasunetik epaitzen?