Ndank Ndank-ek eguneroko arrazakeria egoerak ikusgarri egingo ditu martxo osoan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Ndank Ndank elkartea 2026ko otsailaren 25a

Ndank Ndank Elkartea-k, hirugarren urtez jarraian, eguneroko arrazakeria egoerak erakusten dituzten bideo laburrak argitaratuko ditu. Kanpaina martxoaren 1ean hasiko da eta hilabete osoan zehar garatuko da, martxoaren 21aren – Arrazakeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren – harira.

Aurtengo lau bideoek hezkuntza testuinguruetan eta eguneroko espazioetan, askotan modu normalizatuan, erreproduzitzen den arrazakeria jarriko dute erdigunean:

1. Etxean: erreferente faltaren ondorioak

Semea amarekin hizketan ari da etorkizunean zer ikasi nahi duenari buruz. Gazteak adierazten du ez duela bere burua inon ordezkatuta ikusten. Erreferente anitzen faltak bere itxaropenak mugatzen ditu eta bere gaitasunak zalantzan jartzera eramaten du. Arrazakeria ez da beti esplizitua; batzuetan, ikusezintasunean eta itxaropen baxuetan agertzen da.

2. Irakaslegoaren artean: komentarioak eta orokortzeak

Irakasleen arteko elkarrizketa informaletan lekuz kanpoko komentarioak agertzen dira familia jakin batzuen inguruan: “ez dute jarraipenik egiten”, “etxean ez dute laguntzarik”… Orokortze horiek aurreiritziak elikatzen dituzte eta zenbait ikasleren inguruko itxaropen baxuagoak sortzen dituzte. Diskurtso horiek eguneroko praktikan eta erabaki pedagogikoetan eragina dute.

3. Orientazio zerbitzuan: itxaropen mugatuak

Orientazio saio batean, ikasle bati bere gaitasunekin bat ez datozen ibilbide “errealistagoak” proposatzen zaizkio. Aurreiritzi sotilek baldintzatutako aholkularitzak aukerak mugatu ditzake, jatorriaren arabera itxaropen desberdinak ezarriz.

4. Patioan: erasoak eta minimizazioa

Patioko eszenan, neska bat irakasleengana jotzen du: ikaskide batzuek bere ilea baimenik gabe ukitu diote eta bere azalaren koloreaz trufatu dira. Batzuentzat "jakinkeria" edo "txantxa" izan daitekeena, indarkeria arrazializatua eta espazio pertsonalaren urraketa da. Helduen erantzuna, ordea, askotan minimizatzailea izaten da: “ez da hainbesterako”, “jolasean ari dira”. Jarrera horrek neskaren bizipena gutxiesten du eta jokabide horiek ondoriorik ez dutela adierazten du. Minimizazioak ere arrazakeria betikotzen du.

Kanpainaren helburua da egoera hauek identifikatzea, normalizatuta dauden jarrerak zalantzan jartzea eta hezkuntza komunitatean zein gizartean oro har hausnarketa kolektiboa sustatzea.

Martxoko jarduera nabarmenak

Martxoaren 14an, 11:00etan, Irizar Jauregia-n, Lucía Asué Mbomío Rubio kazetariak Tierra de la luz liburua aurkeztuko du. Lan honek Espainiako hegoaldeko negutegietan lanean ari diren pertsonen errealitatea erakusten du, migrazioa, lan-baldintza prekarioak eta arrazakeria egiturazkoa uztartuz.

Era berean, Sarr Dominguez familiak saio bat grabatu du Ur Handitan programarako; saioa martxoaren 24an telebistatuko da, kulturarteko elkarbizitza eta arrazakeriaren aurkako borroka ardatz hartuta, euren esperientzia pertsonal eta elkarteko ibilbidetik abiatuta.

NDANK NDANKek herritarrak gonbidatzen ditu bideoak ikusi eta partekatzera, baita martxoan antolatutako jardueretan parte hartzera ere. Arrazakeriaren aurkako borroka egunerokoan eraikitzen da: etxean, eskolan eta kalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak