Lehenengo bi edizioak Oiartzunen eta Larrabetzun izan ziren, hurrenez hurren. Oraingoan, Nafarroako Berriozar herrian egingo dugu.
Kirolaren eremutik eginikoa eta kirolean oinarritutako elkartasun herri ekimena da lasterbidean lasterketa.
Euskal errepresaliatu politikoen eta beraien gertukoen eskubideen aldeko elkartasun adierazpen zintzoa egin nahitik sortu zen orain hiru urte.
Izan ere, ehunka dira beren etxetik urrun bizi diren euskal herritarrak: espetxean, ihesean edota deserrian.
Egun, sinestezina badirudi ere, beraien eta beren senideen eskubideek urratuak izaten jarraitzen dute.
Beraz, egoera honetan geldirik ezin garela egon adierazteaz gain, Lasterbideanetik izerdia botaz korri egiten jarraituko dugula ozen adierazi nahi dugu.
Aurreko bi aldietan egin bezala, etxetik ehunka kilometrotara dauden euskal herritarrak Euskal Herrira ekartzeko dagoen herri gogo koloretsu eta bizia ehunka korrikalarik irudikatuko dugu Berriozarko kale eta aldapetan.
Honela, banantzen gaituen distantzia laburtuko dugu ekainaren 7an. Errepresaliatuek ere parte hartuko dutelako beren lagun eta senideei Berriozarrera joateko gonbita eginez edo beren eskulanak sari gisa emanez.
Egun osoko egitaraua izanen da. Goizean bi motatako lasterketekin hasi eta arratsalde partera arte zer ikusi eta non parte hartu izango dute bertaratuko direnek: lasterketa laburra eta luzea, sari banaketa, ekitaldia, kale animazioa, herri bazkaria...
Beraz, kirolaren bidez eta izerdia botaz elkartasuna eman nahi duen debagoiendar orori dei egin nahi diogu, zuen herrietan lan egiteko eta Lasterbideanen presentzia izateko; horretarako ereduak www.lasterbidean.eus webgunean eskura izango dituzue.
Elkartasunaren bidez tarteko helmuga gainditu eta 25 urteko ibilbide luze honen amaierako marrara beso zabalik iritsi nahi dugu.... Izena www.herrikrossa.com-en eman behar da. Animatu eta laster bidean, laster etxean!
----------
Nekane Ayensa Sesma eta Joxe Mari Zugasti
Arrasate eta Oñati