Nazioarteko printzipio kooperatiboak zazpi izan arren, arrasatearrontzat, hamar. Mondragonista, goitik behera. Kooperatiben oinarriei buruz aritzean ere, paradigma industrialetik edaten duten egiturak buruan.
Kooperatiben printzipioek jasotzen dute eraldaketa sozialarekin konpromisoa, eta diskurtso hutsa izan ez dadin, neurri praktikoak ezartzen dituzte: gutxienez irabazien %10 bideratu behar dira helburu sozialetara. Horri esker, baina ez horrekin soilik, hazi eta indartu egin dira 1956tik hona bailarako ekimen sozioekonomiko-politiko-eraldatzaileak. Kooperatibak lurraldean errotuta dauden heinean, lurraldearekiko konpromisoa eta lotura sustatzen dute modu honetan. Lantokia herri, herria lantoki.
Kooperatiben oinarri filosofikoetako bat, demokraziarekin batera, kapitalaren izaera instrumentala da. Kapitala ez da helburu, kapitala eraldaketarako tresna da. Sortutako irabaziak, beraz, ezinbestean proiektua indartzeko erabili behar dira, lan kooperatiboa sustatzen segi eta aberastasuna modu solidarioan hedatuz. Horregatik mugatzen dira irabazien banaketak, proiektua indartzen segitzeko. Baina egon badaude irabazien banaketak.
Baditugu, baina, bestelako esperientzia kooperatiboak, irabazien banaketaren eskematik kanpo daudenak: irabazi-asmorik gabeko kooperatibak. Hor ditugu Goiener eta Izarkom kontsumo kooperatiba integralak, edota Goierriko Biziola kooperatiba. Zer duten komunean? Sistema eraldatzeko proiektu kolektiboak direla, gizarte antolatuak sortu dituen egitura kooperatiboak. Ezberdintasuna, beraz, oinarrian dago: eraldaketa helburua da, ez zeharkako ondorioa. Irabazteko bokazioa dute, baina ez irabaziak banatzekoa.
Krisi ekosozial betean, akaso, bisio mondragonista zertxobait eraldatzen saia gintezke.