Atopia rol jokoaren sortzaileen algarak entzun daitezke etxetik, horraino iristea espero ez zutela elkarri esaten. Batzuetan, bistan da, errealitateak fikzioa gainditzen du.
Dena den, rol jokoarenak zentzu osoa du. Izan ere, bereziki lanean –akaso, ordu gehiegi pasatzen ditugulako bertan– rol jokoek etengabe dute presentzia. Rolak errepikatu eta, zortez, errotatzen joaten direlako, oreka bila.
Rolez jabe eta jakitun, beharbada horregatik sentitzen dut halako harridura sare sozial profesionaletan tarteka sartzean. "Pertsonengan sinesten dut", irakurri diot gaur pertsonen zuzendaritzan aritzen den bati. Ez dut ezagutzen, baina algoritmoak ekarri dit begi bistara. Neure buruari galdetu diot ea hain seguru egongo den bere lanaz, edo antzerki obra bateko papera soilik antzezten duen sareetan; curriculuma hauspotzeko, edota ingurune profesional lehiakorrenean bizirauteko.
Akaso, lehiakortasun hori bizi ez dudalako izango da, edo lanerako esperientzia oso bestelakoa delako, arrotz zaizkit halako mezuak. Izan ere, ardura klase horretan, hain kualitatiboa eta subjektiboa den gai baten, erabateko asetasuna eta geure buruarekiko harrotasuna sentitzea oso zaila iruditzen zait.
Oso konplexua da etengabeko oreka bila ibiltzea, ia ezinezkoa. Are gehiago, rolak eta ardurak errotatzen direla kontuan hartuta. Zaintzailearen eta arduradunaren arteko oreka, eskatu eta eman, gure buruaren zaintzaz askotan ahaztuta.
(Lanean) Rol jokoetan aritzea, nolabait, bada bizitzako ikasgai bat. Oposizioetarako maila teorikoan ikasi ezin dena, eguneroko barne gatazka eta lanarekin ikasten dena. Ikasteko, baina, entzun eta hausnartzeko tarte osasuntsuak ezinbesteko dira. Eta hori ere bada erakundeek bultzatu beharreko aukera.