M-17aren gozotik, M-18ko garratzera

Erabiltzailearen aurpegia Naroa Elortza Gorrotxategi 2026ko martxoaren 31

Greba orokorra pasa berritan, buruak eskatzen dit aspaldiko greba orokor eta mobilizazio maila handienagatik langile klasea zoriontzea.

Baina barrenak eskatzen dit ere Debagoieneko mugimendu kooperatiboan grebak izan duen eragin txikiegiak sortzen didan tristura azaleratzea. Tristura, mina, dezepzioa. Kooperatibak ulertzen ditudalako langile klasearen garaipen gisa. Autoeraketatik, komunitate osoaren alde lan egiten duen subjektu politiko gisa. Esango nuke hamar printzipioetan, guztietan, jasotzen dela, zeharka, borroka sindikalak bere egiten dituen aldarrikapenak. Ezin dut ulertu, beraz, formazio kooperatiboa aldarrikatzen duten erakundeetan greba orokorren aurrean erakusten den jarrera indibidualista. Ez dut ulertzen, eta ez dut ulertu nahi. Ez dudalako asumitu nahi urte luzeetako tradizio kooperatiboa lau paretaren arteko elkartasunera mugatu denik.

Arantzak arantza, zorionak, bihotzez.

Baina... ai grebaren ondorengo eguna. Broma gutxi dugu etxean ordutik: euskarazko marrazki bizidunak kendu dizkigu EITBko zuzendaritzak etxeko telebistatik. Ez ditugu gehiago Lady Bug eta Cat Noir ikusiko afaldu aurretik. Gaztelaniaz kontsumitzera kondenatu gaituzte. Makusi dugula dioskute, gure datuak oparitu behar dizkiogun plataforma, telebista adimendun guztietan instalatu ezin den aplikazioa, euskaraz kontsumitzeko Internet konexioa izatera behartzen zaituena. Hain zuzen ere, Makusi ez da aukera bat EAEko etxeetako %40rentzat, Eustaten arabera. ETB3k bermatzen zuen etxe guztietara euskarazko edukia iritsi ahal izatea. Ikastetxean ikasitako euskara etxean ere entzutea. Baina akabo.

Eta ez nuke artikulua amaitu nahi plataformen logikek gure txikiengan (ere) kontsumismoa sustatzen dutela esan gabe. 20:00etan zorionak zuri ikusten aspertzea ere badelako pedagogia eta badelako apustu politikoa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak