Komunean papera, beti

Erabiltzailearen aurpegia Naroa Elortza Gorrotxategi 2025eko abenduaren 15a

Gaurko kafe orduko elkarrizketa bihur daiteke biharko eskola kirolekoa, bermutekoa edo, gaiak engantxatzen bazaituzte, parrandan segi dezakezue anekdotak kontatzen.

Nola sortu zen gaia geurean?

Iaztik dator kontua. Iruñeko entzierroak komentatzen genbiltzala, komuneko paper banatzailea etorri zen lantokira. Udako oporren ataritan, banaketa handi-handiarekin etorri zen, gure harridurarako. Argitu zigun bere urteetako esperientzian fabrikan inoiz ikusitako langileen gatazka biziena komuneko papera bukatu zenean izan zela. Ordura arte, enpresa handi hartako gerenteak ez omen zion kasurik egiten, goitik behera begiratu ere ez. Baina, ai, papera desagertu zenean! Alarma gorriak piztu ziren Olaberriko fabrikan! Langileak kexaka, horrela lan egiterik ez zegoela. Hainbesterainokoa, banatzaileari deitu zion gerenteak berak, eta, handik aurrera, errespetuz begiratzen omen zion.

Lankideei gaia berrartu behar nuela aipatzean, pisuzko galdera egin dit batek: “Baina langileek ez zuten paperezko mukizapirik komunera joateko?”. Erantzuna berehalakoa izan da: industrian, gizonak nagusi. Eta gizonek, paperezko mukizapirik ez poltsikoetan. Ez lanean, ez parrandan. Tabernetan komun garbiak eta paperdunak topatzean, tabernatik ez irteteko tentazioa izaten genuela. Nesken artean beti zela norbait mukizapiak hartzeaz gogoratzen zena, eta ahizpatasunez eskaintzen zirela komunera sartzean.

Eta, gaiak segida izaten duenez, beti-beti-beti, beste lankideak arazoak dituela komunean. Paper-rolloak gastatzen direnean inork ez duela kubo urdinera botatzen. Aurrekoan, baina, bi rollo azaldu zirela. Eta ezin erabaki zer egin, zein erabili. Paper gehiena duena? Gutxiena? Aldi berean gastatzen joan? Guztiak isilik, oiloaren edo arrautzaren zalantzan murgilduta bezala.

Eta zuenean? Zer berri? •

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak