LHn hasiko da txikia, erronkaz betetako urtea izango dugu lanean, eta zaintza eta militantziarako espazioen arteko orekekin ekilibrista lanak egiten segituko dugu. Drama txikiak, pozak, tristurak eta gozatzeko uneak, guztiak bizi ahal izango ditugu.
Udazkeneko euriarekin –ea ba!–, udan ikusi ditugun sugarren irudiak baretuko zaizkigu gure buruan, eta, akaso, krisi ekosoziala halako larritasunez ez bizitzera pasako gara. Lasaituko gara, begiak tarteka itxi eta burua isilaraziz. Baina, ai, Palestina! Palestinako sua ez dugu hain erraz ahaztuko. Irudi gordinak bihotzean iltzatuta geratuko zaizkigu, gorputzeko ikarak ez zaizkigu desagertuko. Estatu kriminala da Israel, haurrak eta helduak gosez hiltzen ari den estatua. Horregatik, jarraituko dugu Israelen aliatu direnak ahalik eta gehien boikotatzen; segituko dugu Carrefourrera joatea ekiditen; segituko dugu No, thanks! aplikazioarekin produktuen kodeak eskaneatzen; segituko dugu CAFen rol izugarria salatzen; eta jarraituko dugu etxean eskegita dugun bandera palestinarra zaintzen.
Aste Nagusiko manifestazioan lortu genuen bandera, baita txapa bana erosi ere. Ez dut txapa uda osoan paparretik kendu. Palestinako bandera ikusita, hainbat gizon hunkituta zuzendu zaizkit: "I'm from Palestine" esan, eta eskua bihotzean jarri. "Txapa hori daramazulako utziko dizut dendara sartzen" ere esan didate, eskua bihotzean jarrita, denda ixten ari zirela.
Bere soiltasunean, txapak ez du ezer konpontzen. Artikulu honek konponduko ez duen moduan. Palestinako gosea ez dugu amaituko, Israel estatu kriminala ez dugu aldatuko, Trumpen armak ez ditugu suntsituko. Baina, sikiera, justiziaren aldeko aldarriari tinko eutsiko diogu.
Gure txikitasunetik, atzo, gaur eta bihar: Palestina askatu!