Baso eskolako irteerak ere izango ditugu eskolan, eta aurten ikasturte lasaiagoa espero dugu. Zeinek esango zidan niri eskola publikoan guraso izateak hainbeste izango zuela herrigintzaz eta komunitategintzaz. Hainbeste borrokaz eta militantziaz.
Akaso, nork daki, aurtengo ikasturteak beste erronka batzuei heltzeko arnasa emango digu. Ekosistema kooperatiboei buruz ilusioz aritzeko, trantsizio ekosoziala herrigintzatik eta txikitik bultzatzeko, bilerarik gabeko eguntxo batzuk libratzeko, gauza txikiei erreparatzeko.
Nahi nuke aurten une ilunenetan ere argi izpiak ikusteko patxada izan, eta letra mutuari merezi duen protagonismoa emateko nahikoa argitasun izan. Txikiari, titularrak izaten ez dituenari, itzaletik inurri lanetan aritzen denari. Eta, bereziki, hegotik (h-rekin) datozenei, ilusioz edota biziraute hutsarengatik hegoak jantzi dituztenei, zailtasunei aurre egiten dihardutenei.
H-rekin ere baditugu heroiak, gure txikiak egunero-egunero aipatzen dituenak. Baina aitortuko dizuet apur bat nekatuta naukatela salbatzaileek, itsu-itsuan jarraitu beharreko liderrek. Itzaletik, fin-fin, eguneroko errealitate txikiekin borrokatzen direnek ere badute zeresana, merezi dituzte eszenatokiak eta mikrofonoak. Errealitatea eraldatu eta hobetzeko, ezinbestean behar ditugulako beraien ahotsak. Gure zaharrak, gure zaharrak zaintzen dituzten herrikideak, basoak zaintzen dituzten abeltzainak, etxekoandreak, bazterretan (mantentzen) ditugunak, komuneko paperaren banatzailea, artikulu hau zuzendu eta maketatu duena, PUNTUA zer den ez dakitenak, lehen arretako medikuak...
Hau, hori eta hura. Denona eta denontzat eraiki, denona aitortuz eta aintzat hartuz.
Ikasturte berri on, lagunok.