Eskubideez harago

Azken asteotan, eskubide indibidualen defentsa irmoa nonahi: iritzi-artikuluetan, sareetan, agerraldietan...

Baina ez, ikastetxea aukeratzea ez da eskubidea. Bai, ordea, doako hezkuntza publikoa jasotzea. Hor amaitzen da eztabaida. Hezkuntza sistema ikuspuntu merkantilistatik bizi nahi dugula? Ba, hortxe ditugu ikastetxe pribatuak: sartzeko nahikoa diru izanez gero, eta zure izen-abizenak edo jatorria arazo ez badira, barra librea.

Egungo EAEko hezkuntza sistemak arrakala sozialak are sakonago bihurtzen ditu, pribilegioak betikotuz. Hezkuntza arautuko sareen eta ikastetxeen arteko segregazioa da ondorioetako bat. Segregazioa ez delako zoriz gertatzen den zerbait, erabaki politikoek sortzen baitituzte horretarako baldintzak.

Egiturazko arazo bati hautu indibidualekin erantzuten aritu gara. Sentsibilizazioan, kontzientziazioa bultzatzen... eta matrikulazio garaia izerdi hotzez biziz. Baina ez da nahikoa. Izan ere, gutako bakoitzak bizitza eta gizartea ulertzeko oso modu ezberdinak ditu. Horregatik ari gatzaizkio etengabe Jaurlaritzari neurriak eskatzen. 

Bost urte behar izan ditu Jaurlaritzak segregazioa ukatzetik neurriak hartzera. Neurri eraginkorrak aplikatu beharrean, baina, irizpide objektiborik gabe eta modu ilunean definitutako zaurgarritasun-indize bat erabili du, errenta aintzat hartzera ere arriskatu gabe.

Ezin dugu EAEko Hezkuntza Sailaren zain gelditu. Gure herrietako justizia soziala, herrigintza, euskalgintza eta inklusioa ditugu jokoan. Horregatik, lekukoa udalek hartu behar dute, hezkuntza-komunitateak mahai berean eseri eta neurri zehatzak eta ausartak hartzera behartuta.

Doako eta kalitatezko hezkuntza behar dugu, aniztasunaren kudeaketan euskara ardatz izango duena, eta ez eskubide indibidualak aldarrikatu eta pribilegiatuon irlak eraikiko dituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak